Legendak

Igeltxoren Historia

KAIXO, Igeltxo deitzen naiz eta dragoi bat naiz, baina dragoi berezia… Itxuraldatua dagoen dragoi bat. Zapaburuak bezala, nire oraingo itxura izan aurretik, ni ere txikia izan nintzen. Denbora pixka bat baldin baduzue, nire historia kontatuko dizuet. Historia hau gehiago edo gutxiago gustatuko zaizue baina ziur naiz ez zaituztela axolagabe utziko. Ni ezagutu eta gero, ez duzue Igeldo Mendiko atrakzio parkea berdin ikusiko. Beste begi batzuekin ikusiko duzue eta bereziki, denek ikuspegi berri hau partekatzea lortuko duzue.

Nire historia HORRELA HASI ZEN

Hasieran, drakkar baten, (itsasontzi bikingo beldurgarri baten) brankako irudi gisa jaio nintzen.

Zizelkatu ninduen artisauak,(Olaf zaharrak), ikustearekin batera etsaien itsasontziak iraultzea lortuko zuen irudi beldurgarri, ikaragarri eta basati bat sortzeko enkargua jaso zuen. Egiazko itsas deabrua egitea egokitu zitzaion artisauari!

Eta saiatu zen. Zin egiten dizuet saiatu zela. Ni han bait nengoen eta dena ikusi bait nuen! Gaur egun ere, ezkatak tente jartzen zaizkit honetaz oroitzen naizen bakoitzean.

Iraila bukaerako egun lasai batean izan zen. Asko berotzen ez bazuen ere,  zeruan, eguzkia ederra zen, dizdiratsu. Urte horretan, Elur Erreginak haren jantziak  lehenago berritzea erabaki zuen eta urteroko lozorro bukaera aurreratu  egin zuen horretarako.  Hegoalderantzko bidaia luzea oraindik hasi ez zuten hegaztien luma koloredun ederren margoak hartu nahi zituen Elur Erreginak.

Herrixka bikingo txiki batean, Olaf zaharrak ni zizelkatzen bukatu zuen eta haren lana begiratzen gelditu zen.

Ni, haren bilobentzako sorpresa bat nintzen: txalupa txiki bat, tailerraren aldameneko lakuan jolasteko. Dudarik gabe, bilobak aldamenean zituela, hobeto egingo zuen lana, haiek baitziren urteeetan zehar agortzen joan zitzaion indarrak itzultzen zizkiotenak.

Eta ezinbestekoa zen Olaf zaharra indarrez gainezka izatea, haren hurrengo lanak itzela izan beharko zuela esan baitzuten errunek. Dudarik gabe bere bizi osoko lanik aipagarriena, gerokotasuneko ondarea izango zena eraiki beharko zuen. Errunek esan bazuten hala izango zen, ez bait dute inoiz huts egiten!.

NI NINTZEN OLAF ZAHARRAK EGIN BEHARREKO LAN HORI!

Artisau zaharra ni zizelkatzen hasi zenean, ez zekien ez zela egur zati arrunt bat zizelkatzen ari. Bikingoen lizar magikoa, hau da, YGGDRASIL-eko adar bat baizik. Bikingoen kulturan, biziaren zuhaitza da lizarra.

THOR jainkorik indartsuena zen Gerla Jainkoak, indarra beste jarduera batzuetan erabili zitekeela uler zezan, FREYA amodioaren jainkosak, lizar magikoa mundura jaurti zuen.  Olaf zaharrak, lizar magiko hau lurrean aurkitu zuen  eta egur honek arima propioa zuela ere ez zen jabetu.  Lizarrak arima bakezalea zuen. Ez gerlaria.

Ondoren, honako hau gertatu zen

THOR  Gerla Jainkoa Olaf zaharraren tailerrera joan zen eta Drakkar ikaragarri bat  egin zezala eskatu zion. Hegoalderuntz  espedizio batekin hasteko presaz zebilenez, haren mailu magikoa niregana, lizar egurrera bota zuen eta ontzi bikingo handi batean bilakatu nintzen. Ez zen ohartu ordea, ni ez nintzela gerla zalea ontzi gerlari bilakatu baninduen ere.

Espedizioa Kantauri kostara zijoala, izugarrizko hiru olatu erraldoiek itsasontziak kolpatu zituzten. Lehen olatuak itsasontzi batzu irauli zituen, bigarrenak beste batzu hondoratu zituen eta azkenak, oraindik flotatzen jarraitzen zuten itsasontzi guztiak irentsi zituen. Ni izan nintzen eutsi zuen itsasontzi bakarra. Ez luzaroan ordea!. Hiru olatuen ostean, zurrumurru bat entzun zen: “erasorik ez, razziarik ez” eta olatu erraldoi beldugarri bat gu irensteko intentzioekin altxa zen. Ni, handik alde egin nahiean norabidez aldatzen saiatu nintzen, baina ni gidatzen ninduen bikingoak nik egindakoaz konturatu eta madarikazioak esanaz, norabidea zuzendu zuen berriro ere.  Ondoren, nahastuta sentitu nintzen. Poliki hondoratzen ari nintzela nabaritu nuen ia konorterik gabe, hondoraino iritsi nintzen arte.

Ez dakit zenbat denbora izan nintzen itsas hondoan. Mota guztietako izakiak ezagutu nituen: sirenak, itsas-izarrak, baleak, olagarroak, legatzak eta antxoak… Halako batean, izokin batek Bidasoa ibaira zijoala adierazi zidan. Ez zen hori egiten zuen lehen aldia eta gauza miresgarriak esaten zituen ibai horri buruz. Hezetasuna kalte egiten hasi zitzaidala ohartu nintzen eta izokinari laguntzea erabaki nuen. Denbora luzez mugitu ez nintzenez, tokiz mugitu nintzenean, nire izaera magikoa zela eta, nire alboan nituen algak gorputz-adarretan bilakatu zirela konturatu nintzen. Alajaina,  besoak atera zitzaizkidan! Nire larruazalaren kolorea ere, itsas azpiko kolore berde-urdintsura eraldatu zen.

Ibaian gora joan gindoazela, alboko oihanek liluratzen gintuzten. Lekua hain miresgarria iruditu zitzaigun non han denbora batez gelditzea erabaki genuen. Izokinak, lurralde haietan dragoiak gaizki ikusiak zeudela adierazi zidan eta inork ikusi ez nintzala aholkatu zidan.

Baina beti bakarrik eta ezkutaturik egon beharrak, triste jartzen ninduen. Horregatik, sekulako poza hartu nuen neska ilehori liluragarri batek, larri, ea haren orrazia ikusi ote nuen galdetzera etorri zitzaidan egun hartan. Hasieran,emakume bat zela uste nuen, baina gero lami bat zela konturatu nintzen.

Lamiak emakume gorputz eta ahate oinak dituzten izakiak dira; haien ilea urrezko orraziakin orrazten dute, kantu ederrak abesten dituzten bitartean. Hain larritua zegoen, non bere orrazia aurkitzen lagunduko niola hitzeman nion. Izaki guztiei galdetu nien eta azkenean igel batzuk aurkitu eta zera esan zidaten; bazela Kattalin izeneko neska bat askotan ibaira jolastera etortzen zena. Neskak, ikusmen txarra omen zuenez, lamiaren orrazea zela konturatu ere egin gabe, korronteak eraman zuen orrazi bat hartu omen zuen. Orduan, Kattalin itzuli arte belar batzuen atzean izkutaturik itxaron nuen eta agertu zenean, orrazia eskatu nion. Neskak, beste igelak korroka egiten entzuten zituenez, haietariko bat nintzela uste zuen eta niri deitzen hasi zen: “Igeltxo, etorri hona!” Ni hurbiltzerakoan neska ez zen beldurtu, baina ni bai. Hark ni ukitzeko bat-batean eskua luzatu bezain laister nik su ahokada bat bota nion hari ia konturatu ere egin gabe. Une hori iritsi arte ez nekien ahotik sua botatzeko gaitasunik nuenik ere. Izututa, hotz-hotz gelditu nintzen.

Oso beldurtuta nengoen. Baina Kattalinek, ikusmen oso txarra zuela eta, dragoi baten ordez, igel oso handi bat nintzela pentsatuaz, bere etxeraino eraman ninduen. Une horretan oraindik, ez nintzen ohartu suak ez zuela Kattalin erre ez eta ez zuela nire suaren berorik sentitu.

Kattalinen etxean gauzak ez zijoazen batere ondo. Bere aitak burdinolan egiten zuen lan eta zoritxarrezko sorginkeria batek bere burdinolako sua desagertu zion. Gau horretan bertan, izpiritu gaizto horren sorginkeria hausten ez bazuen, burdinolan ezingo zuen inoiz gehiago burdina landu.

Kattalinen gurasoak, alaba dragoi batekin itzuli zela ikustean, beldurtu eta garrasika hasi ziren. Nik, nahi gabean beste su ahokada bat bota nuen. Orduan bere aitak garbi ikusi zuen nire suak argitu bai baina  ez zuela erretzen. Beraz, berehala ohartu zen haien konponbidea ni izan nintekeela. Sutegia piztu  behar nuen izpiritu txarrari bere sorginkeriak huts egin ziola sinestarazteko. Horrela egin genuen. Sorginkeria berehala desegin zen eta ibai bazterreko burdinola berriz martxan jarri zuten Kattalinen gurasoek.

Kattalinek orrazia itzuli zion lamiari eta honek, eskertzeko, bi ur tantekin betaurreko batzuk egin zizkion. Horrela, hurrengo batean ez zuen lami baten orrazia konturatu gabe berriro hartuko. Niri ere lagundu zidan. Herriko biztanleak nire beldur zirenez, MARI jainkosarengana joan nedila erabaki zuten eta hark erabaki zezala nirekin zer egin. Mari-rengana joateko, igeri egin behar nuen baina igeri eginez joan ezin nintzenez, burdinezko bi bota eder egin zizkidaten. Botek, herriko biztanleek non nengoen jakin zezaten, marka berezi bat uzten zuten. 

Denbora luzez oinez ibili ostean, mendiak zerua ukitu arte eta infernuraino jeitis arte igo eta jaitsi nituen. MARI jainkosak uzten zuen suzko bidea jarraitu behar izan nuen eta oso azkar ibili behar izan nuen. MARI jainkosa, denbora gutxi gelditzen zen leku batean eta Anbotora iritsi nintzenean, handik dagoeneko irtena zela esan zidaten. Hilabete batzu beranduago, elkartu ahal izan genuen azkenean. Hala ere, bailara miresgarri eta oihan hostotsuen artean haren bila nenbilela, milaka gauza eta mota guztietako izakiak ezagutzeko aukera izan nuen. Izugarri gozatu nuen haren bila nenbilela.

Egia esan, MARI  nire bisitarekin harritu egin zen baina nire historia entzun eta bihotz onekoa nintzela ikustean (infernutik bota ninduten hau zela eta), ni laguntzea erabaki zuen. Momentuz, pertsonak izutzen nituelako ezingo nuen haien artean bizi, baina pixkanaka onartua izatea eta nigan konfidantza izatea lortzea nahi zuen MARI-k. Horretan saiatuko nintzen. Denbora pasa heinean, itsasoa faltan botatzen jarraitzen nuela konturatu zen MARI eta ni Igeldora joan nedin erabaki zuen. Han, Lamiei, niretzat harrizko itsasargi bat eraikitzea agindu zien. Horrela, gauero, nire suari esker, arrantzaleei Donostia herrixka txikiko porturaino itzultzen lagunduko nien.

Igeldora iristeko, MARI-k hegal miresgarri pare bat eta itsasargiko jardueratan lagunduko zidan orratz-ontzi bat ematea erabaki zuen. Itsasargi barruan 4 galtzagorri bizi ziren (galtza gorridun ipotxak ziren),  eta baratzeaz arduratzeaz gain, egurra biltzen zuten, etxea garbitzen zuten eta ezer egiteko ez bazuten ere beste gauzatxoak egiten aritzen ziren hemen eta han gelditu gabe.

Horrela iritsi nintzen Igeldora. MARI-ren lurraldetatik ederrenera. Geroztik hau da nire etxea. Hemen egiten diet lagunei ongi etorria eta oso gustuko dut orain zuei kontatu dizuedan bezala, haiei nire historia kontatzea. Gainera, nik bizi dudan guztia nire lagunek ere bizi dezaten, galtzagorriek gertatu zen guztia gogorazten laguntzen didate. 

Hala bazan edo ez bazan....sar dadila kalabazan....

LASTER ARTE !

Monumentu Multzoaren zerrendara itzuli

Monte Igueldo Atrakzio Parkean, norberaren eta hirugarrenen cookie-ak erabiltzen ditugu dena ondo dabilela ziurtatzeko. Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu gure cookien politika. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuta, edo zure aukera pertsonalizatu dezakezu, KONFIGURATU EDO BAZTERTZEKO AUKERA SAKATUTA.